XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dit jarraitzen utzi. Zer ari zen gertatzen zehatz-mehatz azaldu nahi nionean sastraken gainetik jauzi egin eta hain garrasi handia egin du, non denek bira eman baitute hil delakoan.

Gero, segundo batzuetan, zuhaitz batera igo eta abar baten erpinetik lurrera amildu da zilipurdia airezko bira batekin amaituz.

- Tira, sozioa, ekarri bosteko hori! -esan dit eskua luzatuz bere erakusketaren ondoren.

Eta nik hain estu hartu diot, ezen hezurrei grakada bat eragin diedan.

Orduan aulkian eseri gara eta xehe-xehe azaldu diot guztia.

- Aita tematu egin da fortuna probatu behar duela aipatu nizuen negozio harekin eta atzerrira doa hilabete batzuetarako, baina pentsatu du ongi funtzionatzea ez dela segurua, eta oraingoz hobe izango dela ni hemen gelditzea eta ikasketak eta gauza horiek ez galtzeko.

Dirudienez, Gillenek konbentzitu egin zuen. Esan zion bazuela nahikoa leku niretzat, nirekin bizi zitekeela hilabete batzuetan eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den.

Gauza bat ez dit argitu: zergatik erabaki duen autoz joatea eta ez hegazkinez. Azken finean, txartelak erosita geneuzkan.

- Auskalo! berdin ziok, ez burua urratu.

Orain saia hadi heure itsulapikotik azken xemeikorainokoa ateratzen, gaur arratsaldean ospatu beharra diagu eta.